San Migelen irudia

Aralarko santutegian gurtzen den irudi nagusia San Migel Goiaingeruarena da. Irudi hau barrutik zurezkoa da eta 1756. urtean zilarrez jantzitakoa iruñeko Ihabartar Jose zilarginaren eskuz. Aspaldiko ustea da bere jatorria Goñitar Teodosioren kondairan azaltzen den Goiaingeruaren mirarizko agerraldian oinarritzen dela. Gehiago oraindik, Teodosiok egiteko agindutako irudia omen da, Aralar tontorrean agertu zitzaion Goiaingeruaren itxurara egina.

Mendez mende lapurreta franko nozitu du imajina honek. 1620an, Leitzatar Migel santutegiko abade zela, ostutzera sartu ziren, baina lapurreta deusetan gelditu zen, lapurrak mirariz mugitu ezinik geratu baitziren. 1687an Gonzaleztar Manuel eta Jauregitar Juan izan ziren imajina hartu zutenak, zilarreztatu gabe zegoen beraren burua santutegitik gertu botaz. 1797an hirugarren lapurreta bat gertatu zen.

1756ko apirilaren 23an, Irigoientar Juan Lorenzo doktorearen agindupean eta lekukoen aitzinean, imajinaren berritze sakona burutu zen. Zilar urreztatuzko jantzia aldatu zitzaion erabat, baita zuraje berria sartu ere hegal, beso eta gurutzean, antzinako irudiari zati horiek falta zitzaiozkiola uste izanik. Aldi berean txertatu zitzaion buru gaineko gurutzean, barruan Lignum Crucis-en puska bat zeraman beste zilarrezko gurutzetxo bat, ordurarte San Migeleko aldare nagusian egon ohi zena bera.

San Migel goiaingeru gerlaria da, zeruko armaden kapitaina, aingeru gaiztoen aurkako borrokaren buruzagia. Aipu da Itun Zaharreko liburutan, baita Apokalipsia liburuan ere. Hemen Ama Birjinaren eta Elizaren irudi den emakume erdi berria salbatzen du eta zazpi buruko herensugearen aurka, hau da, gaizkiaren irudirik gorena denaren aurka, borroka egiten du eta garaitzen.


San Migelen irudirik hedatuena Erdi Arotik eta Errenazimentuaren hasieratik dator. Bertan gerlariz jantzirik agertzen da, bere koraza eta ezkutuarekin, deabrua adierazten duen herensugea hankapean daukala eta lantzaz erasotzen diola. Mamutzarra edo munstroa bere oinetan menperaturik daukan gizonaren irudia ezaguna zen antzinatik, berdin egiptiarren nola erromatarren nola geroago musulmanen artean. Egipton Horus zen Niloko kokodriloak eta beste pizti kaltegarriak hiltzen zituena. Erromatar artelanetan Konstantino enperadorea da herensugearen aurkako borrokan garaile ateratzen dena. Islamiarren artean, berriz, Khidr da mamua garaitzen duen heroi musulmana.

Aski ugari azaltzen da ere San Migel “psicopompos” delako lanetan, hau da, arimak pisatzen eta Jainkoaren aurrean ezartzen azken Judizioan.
Aralarko santutegiko irudi nagusiak, ordea, buru gainean gora jasorik Kristoren gurutzea dakarren Goiaingeruak itxura askoz bereziagoa dauka eta teologia aldetik esanguratsuagoa. Imajina hau X. menderako irudikatua izan zen. Hala ageri zen Villatuertako San Migel elizan, gaur Nafarroako museoan gordeta dagoen erromaniko aurreko erliebe harrigarrian; baita bi mende geroago ere (XII. mendean) Berrioplanoko eliza erromanikoaren portadan. Gainera, Ravenako eta Erromako sabai banatan aurkitzen diren mosaiko zoragarrietan ikus daitezkeen antzinako kristau irudiekin ere badu zerikusirik. Lehenengoa Ravenako San Andres elizan aurkitzen da. Han lau angeluetatik sortzen diren lau aingeruk beren buru gainean eusten diote Kristoren sinboloa den krismonari. Erroman ere antzeko zerbait gertatzen da Santa Prassede elizako San Zenonen kaperako sabaian (Santa Maria Nagusitik gertu). Hor lau aingeruk, beren besoak jasorik, ertz borobilaren barruan dagoen Kristoren soinari eusten diote.

Aralarko irudia eta aipatu berri hauek ez dira San Migel gerlariaren itxura daukatenak bezainbat, baina esanahi teologikoan haratago doaz. Hor San Migel, gaizkia Kristoren gurutzearen indarraz garaitzen agertzen da, gurutzean hil baitzen Kristo gizakiok salbatzeko. Bera da gaizkiaren benetako garailea, eta San Migel berri on horren iragarlea.

San Migel Goiaingerua Nafarroako Erreinuaren zaindaria izan zen. Nafarroako errege eta erakundeek askotan jo zuten berarengana laguntza eske. Zeruko armaden buruzagiarenganako debozioa, sutsuen eta zabalduenetako bat zen Erdi Aroko kristau munduan.

Nafarroan San Migeli zaion debozioaren zabalkundea aise antzeman daiteke. Nahikoa da bere gurtzarako eskainiak aurkitu daitezkeen parrokia, monastegi, baseliza, erretaula eta imajinen kopuru izugarrian erreparatzea. 320tik gora dira zuzeneko aipamenak.

Parrokiak


Nafarroak baditu 56 parrokia eta bi basilika San Migelen ohoretan eraikiak, Aralar mendiko San Migel in Excelsis santutegiaz aparte. Beste 20 parrokia edo elizetan badago San Migeli eskainitako erretaularen bat, eta beste 140 elizetan, Goiaingeru santuaren irudiren bat.

San Migelen ohoretan eraikitako parrokiak edo basilikak herri hauetan daude:
Agoitz, Arraiza, Arribe, Artazu, Badostáin, Baraibar, Barbatáin, Barillas, Beramendi, Beunza, Cábrega, Cadreita, Cárcar, Zia (Iza), Ciriza, Corella, Ecala, Eraul, Eguíllor, Egozkue, Eraso, Erice, Eslava, Etxarri (Larraun), Idoy, Igantzi, Ilarregi, Iturmendi, Larraga, Larráin (Adiós), Leitza, Lizarra, Lizoáin, Lodosa, Marcaláin, Mendívil, Metauten, Noáin, Olaiz (Olaibar), Olaldea (Oroz Betelu), Olazagutia, Olcoz, Orkoien, Oteiza, Iruñea, Sarría (Gares), Sagüés, Salinas de Ibargoiti, Salinas de Oro, Udabe, Uitzi, Urdániz, Urroz, Uterga, Zarranz eta Zufían. Arguedas eta Azkoien herriek basilika bana daukate San Migeli eskainita.

Baselizak

Fernando Pérez Ollok, bere “Ermitas de Navarra” izeneko liburuan, Aralarko santutegiaz aparte, historian zehar San Migeli eskainiak izan diren beste ehun eta hamar (110) baselizen jakingarriak aipatzen ditu. Hauetatik batzuk erabiltzen dira oraino, beste batzuk edo ez dira erabiltzen edo erorita daude eta beste batzuetaz ez da izan zirelako oroitzapena besterik gordetzen, eta hori, zutik zeuden tokiko dermioen izenei esker gehienetan.

San Migelen ohoretan jasotako ermitaren bat beren dermioetan daukaten herriak hauek dira:


Abáigar, Abárzuza, Goiko Abaurrea, Ablitas, Aizoáin, Alzuza, Alloz, Ansoáin, Aranarache, Arguedas, Aristu, Arizaleta, Arizkun, Arruitz, Artozqui, Arzoz, Atondo, Barásoain, Barbatáin, Beunza, Doneztebe, Echávarri (Allín), Elía (Amocáin), Esténoz, Galdeano, Gastiáin (Iriberrigutxia), Goñi, Idoate (Lerruzekin batera), Irañeta, Irotz, Izal, Lerruz (Idoaterekin batera), Lizarraga (Ergoiena), Mezkiritz, Olaz (Galar), Rocaforte, San Martin de Unx, Úcar, Ujué, Uli (Lónguida), Urdániz, Vidángoz, Villatuerta, Zabalza (Urraul), Zuazu (Izaga) eta Zuza. Zerrenda honi gehitu liteke, nahiz eta berez baseliza ez izan, Xabierreko gazteluan dagoen jatorrizko dorrea, San Migel Goiangeruari eskainita baitago hau ere.

Beste hirurogeita lau (64) ermita zaharren oroitzapena bizirik dago oraindik, edo agiri historikoei esker, edo orain beste elizetan gordetzen diren imajinei esker, edo toponimoei esker, hasi Luzaidetik eta Tuterara bitarteko edo Azedotik hasi eta Aragoiko Petillara bitarteko hainbat herritan.