Tradizioa eta Kondaira

Historiak esaten digunaz gain bada tradizio eta kondaira ugari San Migelen santuariori dagozkionak.

Askotan, Aralarko gailurrean eguzkia eta lainoa lehian daudenean, segundu batzutan paraje ederrak ikus ditzakegu eta handik denbora gutxira dena desager daiteke laino artean. Gauza bera gertatzen da gure santuarioaren iraganakin. Historiak datu batzuk ematen dizkigu, tradizioak beste errealitate batzuk aipatzen dizkigu, kondairak gertakizun hunkigarriak aurkezten dizkigu. Eta hori dena gure herriaren debozioan eta pentsamentuan mendeetan zehar gorde izan da. Horregatik guk ere transmititu behar dizkiegu hauek denak ondorengo belaunaldiei, fede eta esperantzan adierazbide.

Zenbait datu historikok adierazten dute beharbada gaur egun santuarioa dagoen Putregainen orain dela milaka urte ere leku sakratua izan zitekela beste kulturentzako. Aralarko mendikatean monumentu megalitiko dezente dago eta horrek pentsaraz dezake agian egun santuarioa dagoen tokian monumentu megalitiko printzipala egon zitekela garai hartan.

Beranduago, romanizazioak ere kontutan izango zuen leku hau nolabait sakratua zela “mons excelsis” eta eraiki omen zuten erromatar jainkoei dedikatutako tenpluren bat, “ara coeli”, betik ikus zitekena Arakilgo galtzada erromatarretik zebiltzanak babesteko. Hain zuzen ere galtzada hori Burdeostik Astorgaraino zihoan eta Ibañetatik Pirinioak zeharkatu ondoren, Iruña eta Irurtzun zeharkatzen zituen, eta Aralarko mendikatea iparrean utzirik Gasteiz aldera segitzen zuen. Antonino Piok aipatzen du Aracoeliko egonaldia. Floro eta Paulo Osorioren Aracelium edo Aracillum, gaur egun Uharte Arakil dena izango zela pentsatzen delarik. Bertatik ederki ikus baitaiteke “ara coeli”a.

Lehen kristauek hura aldatu eta Jiankoa gurtzeko erabiliko zuten.

Nafarroako Erreinuko historialari zaharrenek ez dute aipatzen San Migel Teodosiori agertu zitzaionik Aralarko jatorriaz mintzatzean. Argumentu honek indarra hartuko du Aro Modernoan. Hau gehien aipatzen duena aita Tomas de Burguik 1774an idatzitako liburua da. Gainera detaile guztirekin. 100 urte beranduago Francisco Navarro Villoslada idazleak “Amaya o los vascos en el siglo octavo” bere elaberrian modu erromantikoan aderaziko du hau guztia.

Julio Caro Barojak errealitat historikoa eta kondaira bereizten ditu eta gaoraipatzen du kondairak duen balioa Nafarroako herri arimarengandik baitator. “Udazken arratsalde batez Olzako zendeatik eta Ollotik Goñiko ibarrera igotzean eta “Errotavide”ra iristean berriz ere sentitu ahal izan dut Teodosioren tragedia. Ez zen Witiza erregeren garaian existitu eta akaso sekulan ez, baina hainbeste belaunaldien gogoan existitu da. Azkenik, XVIII. mendeko fraile baten liburuari esker eta are gehiago XIX. mendeko idazle romantiko eta tradizionalista baten elaberriari esker XX. mendeko Nafarroan heroi handia dugu, ia “nazionala” hitz honek lehen zuen esanahia kontutan hartuz.
Protagonista Teodosio dugu, Witiza erregeren garaiko Nafar zaldun bat (VIII. mendea). Goñitarren arrazakoa izaki, Constanza de Butrón y Vianda andreakin ezkondu ondoren bere gurasoen etxean edo Jauregi Zaharrean bizitzetik emaztearen etxera bizitzera igaro zen: Larrañarenetxera hain zuzen. Bi etxeak Goñin zeuden, hau da, Arakilgo ibarra, Iruñerria eta Estellerriaren artean dauden mendietan dagoen herrixka bat. Bertatik baso eta soro ederrak ikus daitezke, gain batean baitago.

Garai hartan penintsulako herriek musulmanen kontrako borroka latzean ari ziren. Teodosiok, bere etxea utzi eta gerrara joan behar izan zuen. Luzaroan kanpoan egon eta gero bere herrirako bidea hartu zuen berriro. Baina bere etxera iritsi aurretik, Errotabidea izeneko parajean erromes bat aurkitu zuen. Erromes itxura zuen hori deabrua zen mozorroturik eta esan zion bere emazte Constanza morroi batekin zegoela ohean bere etxean.

Haserre bizian Teodosio etxean sartu eta ohean bi gorputz zeudela ikusi zuen. Hura ikusita ezpata hartu eta behin eta berriz sartu zien eskuak odolez bete arte. Etxetik irtetzean, berebiziko sustoa hartu zuen bere emaztea kalean ikusita, elizatik zetorrela. Emazteak senarra ikusi zueneko poza segituan ikara bilakatu zen, biak konprobatzean ohean hilik zeudenak Teodosioren gurasoak zirela, Constanzak gonbidaturik etxean egoten zirenak.


Teodosiok bere krimen ikaragarria aitortu zion parrokoa zen Juan de Vergarari eta Iruñeko apezpiku Marziali. Honek agindu zion Erromara erromes joateko Juan VII. Aita Santuaren absoluzioa jasotzera. Aita Santuak pekatuen ordaina bezala bakardadean bizitzeko agindu zion, lepoan eta gerrian kate lodi bat lotzeko eta bizkarrean egurrezko gurutzea eramateko, katea zahartu eta hautsi arte.
Teodosiok zazpi urte luze eman zituen Hayedo, Andía eta Aralarko mendietan. 714 urteko egun batez mendikate honetako gailur batean zegoen zulo baten ondoan. Zulo hartan, berak ez zekien, baina jendeak zioenez erensuge handi bat bizi zen, suzko mingainarekin pentsonak eta abereak hiltzen zituena. Bapatean, erensugea kobazulotik irten zen eta Teodosiok laguntza eskatu zion San Migeli. Aingerua zerutik jaitsi zen dizdiratsu, buruan gurutze bat zeramala. Erensugea suntsitu ondoren Teodosioren kateak hautsi zituen.

Bere penitentziaz libratu zenean, Goñira itzuli eta bere emazte eta Migel izeneko semetxoa besarkatu ondoren Aralarko gailurrera bueltatu eta bere bizi osoa San Migelen kultorako dedikatu zuen tenplu bat eraikiz.
Tradizio herrikoiak dio, aingeruaren egurrezko imajina, egun zilar doratuaz inguratua dagoena, San Migel berak utzi zuela Teodosiori agertu zitzaionean. Era berean tradizioak dio gaur egun tenpluko sarreran dauden kateak ere Teodosiok eraman zituenak direla. Eta Aralarko santuarioa erensugea bizi zen zuloaren gainean eraikia dagoela. Aldarearen eskuin aldean, barruko kapilan bada zulo txiki bat. Bisitariak bertatik burua sartu edo txanponak botatzen dituzte zein sakona den konprobatu ahal izateko.

Lio Caro Baroja antropologoak (1914-1995), interes handiko ikerketa burutu zuen Teodosio de Goñiren kondariari buruzkoa, Europako beste antzeko kondairekin alderatuz. Berak dioenez betidanik jakinmin handia sentitu izan zuela kondaira honen gainean, motibu pertsonalak eta familiarrak zirela medio. Bere zortzigarren abizena Goñi zen eta bere familiaren jatorriari buruz bazegon tradizio bat Teodosiorekin lotzen zuena. Don Julioren amaren ama, hau da Carmen Nessi Goñik bazuen dokumentu bat Goñiko San Migel jauregikon(Larrainagusia) jabeenganako harremana demostratzen zuena. Dokumentu horrek toki berezia izan zuen. Don Juliok ere Berako “Itzea”ko jangelan leku garrantzitsua bilatu zion.

Caro Barojak dio kondaira honen jatorrian badagoela noblezia demostratu nahi bat bezala. Hau da familiren batek nahi izango zuela Nafarroako erreinurako erabakiorra izan zen gertakizun bat bere arbasoek egina zela esatea. Eta hortatik pasatu izango zen Nafar guztien Historiako gertakizun izatera.

Caro Barojaren ustez gertakizunen elementu nagusia dugu gurasoak hiltzearena deabruaren eraginez.

Gurasoen erahilketak badu tragedietan leku berezia griegoen garaietatik. Homeroren “Odisea” edota Sofoklesen “Edipo errege” horren adibide garbiak ditugu. Caro Barojak beste idatziak ere aipatzen ditu gisa honetako argumentuak dituztenak. Besteak beste Euripides, Seneca, Diodoro, Pausanias, Apolodoro eta Higinio, Finalndiako eta Ukraniako beste idazleetaz aparte, baita Javako uharteko genealogia bat ere.

Kristauen artean ere aipatzen digu kondaira bat edo beste. Judas Iskarioterena Erdi Aroan sortutakoa esate baterako. Honek apostolu traidoreari leporatzen dio bere aita hil zuela eta amarekin inzestoa burutu zuela Kristo ezagutu aurretik. Caro Barojak konkretuki bi kondaira aztertzen ditu Teodosiorenarekin antza handia dutenak, diferentzia batzuk dituzten arren: San Julian Hospitalarioarena eta San Albanorena. Biak ditugu erremesaldiekin eta penitentziekin zerikusia duten santuak.

San Julian mendian ehizean zegoela, orein batek iragartzen dio bere gurasoak hilko dituela. Profezia bete ez zedin, Julianek alde egin zuen gurasoen etxetik eta alargun batekin ezkondu zen. Gurasoak haren bila hasi eta errainaren gaztelura iritsi ziren. Honek nor ziren jakin ondoren bere ohea eskeini zien atseden hartzeko. Julianek bere ohean bi gorputz somatzean, bere emaztea beste batekin zegoela pentsatu eta biak hil zituen oreinak iragarri bezala. Kalera irten eta bere emaztea aurkitu zuen mezetatik zetorrela. Bere pekatuaren penitentzia gisa Ospitale bat eraiki zuen errekatik gertu eta pobreei ostatua eman eta ibaia zeharkatzen laguntzera dedikatu zen. Urte batzuren buruan aingeru baten bisita jaso zuen eta honek Jainkoak pekatuak barkatu dizkiola jakinarazten dio. Handik gutxira hil zen santu famakin.

San Albano jaio zen Hungriako Hisano printzea eta bere alabaren arteko harreman inzestuosoaren ondorioz. Umea abandonaturik utzi eta beste printze batek jaso zuen. 20 urte zituela bere aita adoptiboak andregaia aukeratzeko eskatzen dio. Horretarako erretrato batzuk erakutsi zizkion. Horien artean bere amarena aukeratu eta harekin ezkondu zen. Hil zorian zegoela aitak Albanori bere adopzioa jakinarazten dio eta aurkitu zueneko painalea eman zion. Emazteak hura ikustean ezagutu zuen inzestoan bizi zirela. Ama semeak Erromara joan ziren Aita Santuari barkazioa eskatzera. Honek penitentzia bezala ezarri zien zazpi urtez mendietan ibiltzea eta belarrak besterik ez jatea eta ohean lorik ez egitea. Baina bere lurretara bueltaturik, deabruak Hisano tentatu eta berriz ere inzestoa burutu zuen. Albanok hura ikusita gurasoak hil zituen. Aita Santuak agindu zion orduan hilketaren tokian ermita bat jasotzea eta bertan ermitaino gisa bizitzea beste lagun apez batekin. Han gurasoen alde erregutu beharko zuen gorpuak begi bistan zituela. Hil arte egon behark zuen gainera. Eta zazpi urteren buruan hil zen Albano.

Bi kondaira hauek Teodosiorenak bezala aipatzen dute gurasoak hiltzearen baita zazpi urtetako penitentzia ere. San Julianen kondairan gainera Teodosiorenean bezala ez zituen nahita hil. San Albanorenak Aita Santua aipatzen du Teodosiorenak bezala eta deabruaren engainua. Halaere Teodosioren kondairan ez da azaltzen inzestorik, beste bietan eta beste zenbait Tragedia klasikoetan bezala.

Teodosioren desgrazian aurreko pekaturik ez izatea Caro Barojaren ustez horrek gogorarazten digu kondaira haiek izaten zutela helburu didaktiko eta eredugarria. Eta esaten digu deabruaren eragina dela hor elementurik inportantena baina beharbada baitaere kontutan hartzekoa dela gurasoak semearen ohean egotea ez zela egokitzat hartzen, tabu modukoren bat zela. Beraz Teodosioren kasuan ez zen inzestorik existitu baina bai irregularidade bat deabruak aprobetxatu zuena.

Caro Barojak Teodosioren kondaira genealogikotzat hartzen du, linaje bat osatzeko gertakizunak aipatzen baititu. Kasu honetan Goñiko jauregi zaharra dugu. Familia batentzako ohore handia da horrelako momentu batean bere jatorrizko pertsonairen bat protagonista izatea mirariren batean parte izan duelako. Bi elementu hauek aurki ditzakegu Teodosioren kondiran.


Kondaira noiz gauzatu zen estudiatzean, Caro Barojak dio Erdi Aroko azken partean izango zela. Hain zuzen ere garai hartan garatu baitzen heraldika eta familia nobleak eta aitonsemeak eta interes genealogikoak gairai hartakoak baititugu. Azken finean, kondaira honek lotzen ditu nafarroako etxe zahar bat, San Migelen debozioa eta giro herrikoia. Eta esan daiteke San Migelen kultoa baino berriagoa dela.